XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) edo hiltzaile gogor samarrak iruditu zaizkigu, neutrotasun gutxiegikoak, seguru asko seta mortal edo arma letal bezalakoak adierazteko egokiagoak.

Forma baztertuen artean kasurik nabarmenena nekazal hitza izan da.

Euskaltzaindiak ez ditu hitz-elkarketarako honelako forma berriak onartzen.

Azken urte hauetan aski erabilia izan da eta bere esanahian hartu izan duen erreferentzial-kutsuarengatik erosoa gertatu da izendapen berriak sortzeko.

Hauen artean nekazalturismoa da aipagarriena.

Batetik es turismo rural eu landa-turismo egin dugu, bi kontzeptuak (turismo rural eta agroturismo) bereizi beharra zegoelako.

Bestetik, es agroturismo egiteko eu baserri-turismo ez da egokia ipar-ekialdeko zenbaiten ustez.

Beraz, nekazalturismo utzi dugu.

Izan ere, kasu berezitzat jo dugu: turismo-mota horren sustapena izen honekin egin da, errotulazioan oso sartua dago eta ia izen berezi baten tratamendua dagokio.

4.8. Forma osoak eta laburtuak: pago (arrunt) te(-landare)

Izendapenetan badira zenbait osagai (landare, belar, arrunt, -ondo) testuinguruaren arabera, batzuetan jarri eta beste batzuetan kendu egin ohi direnak.

Landare-izenetan, badirudi espainolezko eta euskarazko formak aurrez aurre jarrita ez dagoela beti sistematikotasunik.

Kontuan izan behar dira, ordea, beste hizkuntzak ere eta ezin da ahaztu espezie bat izendatzean, inguruan dituen ahaide taxonomikoen multzoa.

Horrela, egokiak izan daitezke forma luzea eta laburra biak, testuingurua kontu, te-landare / te, pago arrunt / pago, anis-belar / anis.

Fenomeno bera gertatzen da goian aipatu makina-izenetan: esnea ontziratzeko (makina), silokoa ateratzeko (makina).

4.9. Errererentzia geografikoa: Himalaiako zedro, gereziondo japoniar

Errererentzia geografikoa daramaten terminoetan, Himalaiako zedro baina gereziondo japoniar egin da.

Martxel Aizpuruak Biologia 1 Izendegia hiztegiaren sarreran dioena (41 or.) aipatuz, hiru bideak dira posible teorian izen propio batekin osatutako izenetan: aposizioa (Errezil sagarra), -ko izenlaguna (Libanoko zedroa) eta -(t)ar atzizki bidezkoa (gereziondo japoniarra).

Izendegi horretan, forma posible batzuen artetik bat proposatu ohi da kasu bakoitzean.

Luzarora erabilerak eta ohiturak finkatzen du kasu bakoitzean nagusitzen den forma.

Beraz, zergatik gereziondo japoniar bai eta ez Japoniako gereziondoa galderari erantzuteko, esango genuke, aipatu obra horretako izendapenak hartu ditugula abiaburu gisa eta ez dugula izen guztien egokitasuna sistematikoki aztertu.

Ez dakigun bezala zergatik esaten den espainolez cedro del Líbano eta ez cedro libanés.